miércoles, 23 de diciembre de 2009

الحرية bi herri, irrintzi bat!

Euskal Herriko nahiz Saharako musikarien elkarlanaz sortutako diskoa aurkeztu du MusikHerria disketxeak: “الحرية (Hurria). Bi herri, irrintzi bat!” (MH060). Herrien arteko elkartasuna oinarri, estilo anitzeko 20 abesti jasotzen ditu diskoak: rock, hip hop, saharar musika eta poesia, funky, reggae, hardcorea, bakarlariak eta bertsoak.

Diskoaren edukiak doan mp3 formatoan ezarriko ditu eduki libreen aldeko musikarien euren ekimena den disketxe berezi honek, diskoko eduki osoa copyright-ik gabekoa baita, eta irabazi asmorik ez baitute musika salduz. Hala ere, disko formatu erakargarrian erosi nahi duenak jakin beza kostuak amortizatu eta balizko irabazirik balego, Sahararen aldeko euskal ekimenetara bideratuko dela diru hori.

Ideia nondik sortu zen


Badira bi urte Saharako errefuxiatu-kanpamentuetara lehenengo bisita egin genuela, Ouserd ingurura. Bertan sahararren kultura ezagutzeko aukera izateaz gain, bertako musika tradizionala ere gertutik entzuteko beta ere eduki genuen. Eta hori ikusita, ideia hau etorri zitzaigun burura, Sahara eta Euskal Herriaren arteko elkartasunezko musika bilduma proiektua egitea. Baina zoritxarrez ez genuen musikaririk ezagutu lehen bidai horretan, beraz airean geratu zen proiektuaren ideia.


Orain dela urtebete eskas kanpamentuetara egindako bigarren bidaian ordea zortea izan eta Smarako Hababa musikaria ezagutu genuen. Honela, elkarlanaren ideia berari aipatzean, gustora laguntzeko prest egongo zela esan zigun. Egun gutxi izan ziren errefuxiatu-kanpamentuetan eman genituenak eta bueltatzeko eguna iritsi zen, hala ere, zorionez Hababak Gasteizen lan egiten zuen eta bertan bizi zen gainera, beraz proiektua aurrera eramateko egoera apropos baten aurrean geunden.


Nola gauzatu dugun


Euskal Herrira itzultzean, Musikherria kolektiboaren bitartez ezagutzen genituen taldeei elkartasun proiektuaren berri eman eta hauek segituen erantzun zuten, hainbat musika talde martxan jarri zirelarik gaiaren inguruko abestiak sortzen. Aipatzekoa eta eskertzekoa da Musikherriaren filosofiari kasu eginez, talde bakoitzak beregain hartu zuela abestia auto-ekoiztearen ardura.


Bestetik, diskoari hasiera eta bukaera emateko, pare bat bertso sortzea bururatu zitzaigun eta Amets Arzallusi egin genion proposamena. Bera hasiera hasieratik laguntzeko prest azaldu zen eta gustu handiz grabatu zituen bildumarako espresuki egindako bi bertsoak. Honetaz gain, Unai Ormaetxearen “Mario haritik tiraka” lanetik, “agurra” abestia hartu genuen (gaitaz eta txalapartaz eginiko agur berezia) Ametsen azken bertsoaren atzetik bilduma ixteko.


Bestalde, Saharako musika taldeen musika behar genuen eta guzti hori Hababarekin adostu zen. Bere Gasteizko etxean, Sahara bailitzan, te eta kus-kus artean, bere lagun musikarien abestiak aukeratzen hasi ginen. Baina hemen zailtasun batekin topatu ginen, argitaratu nahi genuen elkarlan hau Musikherriarekin egin nahi genuenez, bere filosofiarekin bat egiteko, copyright-ik gabeko abestiak behar genituen eta SGAE-rekin zer ikusirik izango ez luketenak. Honegatik zailagoa egin zitzaigun abesti Sahararrak aurkitzea, ia denak Madrilen grabatuak baitziren, beraz copyright dunak eta SGAEn daudenak asko. Hala ere, kosta bazitzaigun ere, zehaztasun hauek betetzen zituzten hiru abesti dotore aukeratu genituen bildumarako. Horretaz gain, Hababak poesia labur bat grabatu zuen espresuki, Ametsen lehen bertsoarekin batera diskoari hasiera eman ziezaion.


Diska barruko liburuxkari dagokionez, jendea Saharako gatazkaz informatzeko intentzioarekin Saharako historia eguneratua idatzi dugu euskaraz eta gazteleraz, Nuyum elkarteko Enekoren laguntzaz. Eta alderantziz, sahararrek guk bizi dugun gatazkaren berri izan dezaten, Euskal Herriko historia ere sartu dugu. Honetaz aparte, Arratiako gazte talde handi harekin egindako kanpamentuetarako bigarren bidaia horretan, guk geuk ateratako argazkiak jarri ditugu diskoa kolorea emateko asmoz. Aipatu beharra dago, guzti honi diseinu dotorea eman dion artista Unai Bergara izan dela, elkarlan honetan parte hartu duten beste kide denek bezala musu truk lagundu diguna.